2022.02.26

Gauza gozoak jateko irrikaz? Hemen duzu Nafarroan barnako ibilbiderik goxoena

Una ruta impresdindible para quienes disfrutan de los postres el chocolate y los dulces tradicionales

Blog

Nork esanen dio ezetz gozoki bati? Gaur bi postre jateko tentaldian eroriko gara. Gozogintzak, inondik ere, lurralde bat ezagutzeko parada zoragarria ematen digu. Herri bakoitzak, eskualde bakoitzak, bere usadioak ditu gozogintzan. Jaki gozo horiek batez ere familiarteko eta auzoko ospakizunetarako prestatu izan dira, eta gaur egun opari bikainak dira oporretatik bueltan eramateko. 

Ibilbidea Ultzaman hasiko dugu, bi proposamen hauek dastatzeko: gaztanbera edo mami ospetsua eta kremazko tututxoak. Gaztanbera, berez, ez da postre gozoa, eta, Nafarroan, mami tradizionalak kiskal urrina du, “kizkilurrin” esaten diogun zapore bereizgarria. Gaztanberak kaikuetan prestatzen dira eta ontzi horiek, zurezkoak direnez, ezin dira sutan jarri esnea berotzeko; hortaz, harri goriak sartzen zaizkie barnean eta zapore berezi hori ematen diote mamiari. Hura gozatzeko, bi aukera ditugu gero: azukrea edo eztia, zer nahiago duzu?

Cuajada tradicional navarra

Eskualdeko bigarren proposamena kremazko tututxoak dira: kurruskariak eta apartak dira, eta pastel-krema fina dute barnean. Ultzamako eta Baztango jatetxe aunitzetan eskainiko dizute azkenburuko goxo hori. Bi postreak probatzeko lekurik aproposenetako bat Ultzamako benta da, eta inguruko paisaia zoragarria da gainera. Sunbillan ere ohikoak dira; hemen duzu Andia hoteleko tututxoen errezeta (gaztelaniaz). 

Canutillos. Un postre típico en Navarra

Txokolatezale amorratua zara? Primeran! Leku zoragarri bat dugu zuretako: Baztan. Horko txokolatea hagitz estimatua da, batik bat “urrakin egiña” esaten diotena. Hurrekin egiten da, jakina, eta Elizondon eta inguruko beste herri batzuetan txokolategile trebe eta adituak aurkituko dituzu, hala nola Malkorra gozotegia edo Arkupe gozotegia. Baztanen txantxigorri-opilak ere dastatzen ahalko dituzu: txantxigorriek nolabaiteko lotura dute eskualdearen gozogintza tradizionalarekin, eta Dolores Redondoren Baztango Trilogiako eleberriek are ospetsuagoak bilakatu dituzte. 

Chocolate Malkorra Baztan. Navarra.

Arras gozo berezia probatu nahi baduzu, joan zaitez iparralderago, Berara, eta urrea ere baduten bonboiak dastatzen ahalko dituzu han. EkhiGold txokolategileek kakaoa eta urrea uztartu dituzte, kultura aunitzetan txanpon gisa erabili diren bi gai horiek bateratuz.

Hegoalderantz joanen gara orain, Nafarroako herririk xarmagarrienetako batera: Uxue, Espainiako herririk ederrenetako bat, diotenez. Kale harriztatuetan barna zoazelarik, hango eliza-gotorleku bitxira bidean, bainillaren eta azukre txigortuaren usaina sumatuko duzu nonahi. Segi lurrin-arrasto horri eta laster batean aurkituko duzu Uxueko almendra garrapiñatu famatuak saltzen duen artisau-posturen bat. Hoberena duzu almendrak han bertan jatea, baina gutxienez bi pakete erosi beharko dituzu, seguru baitakigu lehenbizikoa di-da desagertuko zaizula. 

Almendras garrapiñadas de Ujué

Lizarrak, monumentu ederrez josita egoteaz gain, gozogintza-tradizio oparoa ere badu. Hangoak dira Puyko arrokak: hiriko zaindariaren omenezko gutiziak, txokolatearekin eta hur osoekin eginak. Eta San Andresen tarta ere bai, beste zaindariaren omenezko gozoa: hostore-orri kurruskarien artean, esnegain- eta krema-geruzak, eta, gainean, gorringo txigortuzko geruza bat. Lizarrako girlatxezko turroia ere aski ospetsua da, baita bertako opilgintza ere: alpargatak, koronillak... Ez zaizu erraza izanen zer aukeratu erabakitzea, gozogintzako espezialitate asko baititu Lizarrak.

Rocas del Puy. Estella (Navarra)

Iparraldera itzuliko gara berriz, beste gozo bikain bat probatzeko: Agoizko kostrada. Bideoan,  Ekai hoteleko Isabel Leachek postre ezin hobe hori prestatzen erakutsiko digu. Haren argibideei esker, etxean prestatzen ahalko duzu, baina seguru gaude Nafarroako landa hoteletako batean kostrada jatea bezalakorik ez dagoela: naturaz inguraturik eta mendi-ibilbideak nonahi; izan ere, kirol pixka bat egin beharko dugu hainbeste gozoki jan eta gero. 

Eta Nafarroan barnako bidaldi goxo hau bukatzeko Iruñera itzuliko gara, hiriburuko 3 gozotegi hauek gomendatu nahi dizkizugu eta: 

Lehenbizikoa, Pastelería Donezar gozo-denda da, 1853an sortua eta Zapatería kalean kokatua. Lehenagoko negozioen eiteko saltokia da, tradizioari eutsi diona. Merezi du Eguberri aurreko egunetan joatea, artisau-turroia eta eguberrietako usadiozko gozoak egiten dituzte eta. Bestalde, ospetsua da txokolategileak direlako eta argizarizko kandelak ere egiten dituztelako. 

Turrón royo, típico de Navarra. Confitería Donezar. Pamplona (Navarra)

Gure bigarren proposamena erraz-erraz aurkituko duzu. Iruñeko katedralera bidean, Curia kalean gora, jende ugari ikusiko duzu beti, denda batera sartzeko zain: Pastas Beatriz. Gehienek hango gutiziarik ospetsuena erosi nahi dute: txokolatezko garrote txikiak. Beste osagai eta espezialitate batzuetakoak ere badituzte, baina txokolatez betetako hostore-biribilki txiki horiek Iruñeko nortasun-ikur bihurtu dira.

Leku guztietan bezala, ordea, hemen ere bada lehia, eta, Beatrizen zaleez gain, Confitería Layana gozotegiaren zaleak ere baditugu; horixe da, hain zuzen, gure hirugarren proposamena. Te-pastak dira bertako gozorik preziatuena: orea aparta da eta txokolatea, berriz, fin-fina. 
Zer duzu nahiago? Beatriz edo Layana? Kostrada edo kremazko tututxoak? Eta Gaztanbera? Kizkilurrinarekin edo gabe? Nafarroara etorri beharko duzu zer erantzun jakiteko!
 

 

Tag-en hodeia: