2022.08.02

NAFARROA ZURE MASKOTAREKIN BISITATZEKO IDEIAK

Maskota hartu eta munduaren azken zokora ere joanen liratekeen horietakoa bazara, Nafarroan hamaika abentura dituzu harekin gozatzeko! Hona hemen zenbait proposamen, oporretan zure lagun iletsu horrekin goza dezazun.

Blog

PAREGABEKO PAISAIA ERREGE BARDEAN

Esperientzia ahaztezina nahi baduzu, zure maskotarekin Bardeako paisaia elkorrean barna paseatzea proposatzen dizugu. Ilargiko paisaiaren antza duen Parke Natural hau UNESCOk babestua dago, eta beraz, kontrolatu beharko duzu zure zakurrak errespetatzea fauna, flora eta hemen barna bazkatzen diren abereak.

Parketik oso hurbil, barazkien lurraldean zaudela aprobetxatuta, Tuterako Baratzeen Interpretazio Zentroa duzu. Bertan ezagutzen ahalko dituzu inguru horretako baratzezainen bizimodu eta lanbide tradizionalak. Nafarroako gastronomiarik onenaz gozatzeko, mahaia Iruña jatetxean erreserbatzea iradokitzen dizugu, bazkaltiarrei beren animaliekin joateko aukera ematen dietelako han.

Azkenik, plana osatzeko, ostatu hartzeko aukera ezin hobea duzu Fiteroko Bainuetxea. Lasaitasunaz gozatzeko plan ezin hobea duzu, zure maskotak ere atseden hartzen duen bitartean.

Bardea

NATURAN MURGILTZEA IRATIKO OIHANEAN

Otsagabia Pirinioak ezagutzeko ezinbesteko herria duzu, eta haren ipar-mendebaldean, kontinente europarreko pago eta izei basorik zabalenetako batera iritsiko zara: Iratiko Oihanera. Oinez ibiltzen ahal zara han barna, zure maskotarekin, aire garbia lasai hartuz, eta oihanean murgiltzeak ematen dituen onura guztiez gozatuz. Hori bai, kontuan hartu behar duzu, leku eder eta harmoniatsu honetan bizi diren espezieen erritmoa ez aztoratzeko, zure lau hankako laguna kontrolpean eduki beharko duzula.

Ondoko Aezkoako ibarretik ere oihan honetara sartzeko aukera duzu, eta han dituzu Orbaizetako Arma Olaren aurriak, eta inguru horretan zaudenez gero, har ezazu ostatu iglu batean! Bai, ongi irakurri duzu: Irati Barnean izeneko lekuan natura betean dauden gelak dituzu, ikuspegi panoramiko zabalekin, zure lagun fidelarekin goza dezazun.

Kultura plan bat egin nahi duzu zakurraren laguntzaz? Hilarrien Museoan aukera duzu. Han duzu munduan den hilerri-labirinto bakarra, Nafarroako herririk garaiena ez ezik, ederrenetakoa ere baden Abaurregainean. Har ezazu hitzordua aldez aurretik hango hilarri diskoideak ezagutzeko. Erdi Aroan lurrean iltzatuta jartzen ziren harrizko hilobi-monumentuak ziren hilarriak. Hilerri horren gainean, obra paisajistiko bat egin zen, labirintoa osatzen duten pasabide batzuekin; handik, hilerria altuera desberdinetatik ikusteko aukera duzu. Ezin egokiagoa zure maskotarekin ezkutaketan jostatzeko!

Zure maskotarekin bidaia

ONDARE HISTORIKOA ETA ARDOA

Nafarroako herririk ederrenetako bat Uxue da. Etxe handien arteko karrika txikiak, Uxueko Andre Maria santutegi-gotorlekua muinoaren gainean, eta Erriberaren eta Pirinioen ikuspegi txundigarriak; horixe aurkituko duzue herri dotore horretan.

Ondoren, San Martin Unx herrira hurbiltzea proposatzen dizugu. Herrixka horretan, hango kripta zoragarria ezagutuko duzu, eta Máximo Abete Upategiak eskaintzen duen bisita enoturistikoaz gozatzen ahalko duzu. Zakurrak ongi baino hobeki etorriak dira.

ABENTURAK ZUGARRAMURDIN ETA BAZTANEN

Gure maskotek ere sufritzen dute tenperatura altuekin, eta beraz, bero handieneko egunetarako plan ederra da lurrazpian sartzea, tenperatura fresko iraunkorrak dituzten haitzuloak bisitatuz. Ezagutu itzazu Zugarramurdiko leizea eta Nafarroako haran berde eta hezeenetako bat.

Maiteminduta utziko zaituen lekuetako bat Bertizko Jaurerria Natur Parkea da, parke historiko-artistikoa; bidezidorretan barna han murgiltzera animatzen zaitugu. Bai koban, bai parke naturalean baimenduta daude maskotak, baldin eta lotuta badaude. Parkearen araudia hobeto ezagutzeko, sakatu hemen.

Abentura gogoz geratu bazara, eta gainera ume txikiez lagunduta bazabiltza, nahitaezko geldialdia da Irisarri Land. Abentura parke horretan animaliak onartzen dira, eta beraz, zakurra lotuta, ibilbidea egiten ahalko duzu. Bertan ostatu hartu eta tabernan jateko aukera dago, terraza estalian, nahi izanez gero.

Zugarramurdi txakurrarekin

IRUÑEAN ALDITXO BAT EGITEA ZURE LAGUN FIDELAREKIN.

Honezkero, jakinen duzu, noski, Iruñeko monumentu, taberna eta jatetxe gehienetan ez dutela maskotarik onartzen barnean. Hala ere, Erreinuko hiriburua eguraldi onaz bisitatzen baduzu, ikusiko duzu hamaika plan dituzula kanpoan ibiltzeko, eta guztiz bateragarriak direla zakurraz lagunduta ibiltzearekin.
Gure proposamena da San Bartolome Gotorlekura bisita egitea eta Iruñeak mendez mende izan duen bilakaera ezagutzea harresien bidez. Lau hankako zure lagunak gotorlekuaren kanpoko aldean geratzen ahal da.
Hiriak eskaintzen duen beste abantaila bat zure lagun iletsuarekin paseatzeko eskaintzen dituen gune berde ugariak dira, esaterako, Arga Ibai Parkea. Ura eta landarediaren sinbiosi hau natura ibilbide koloretsua da, 16ren bat kilometrokoa, non zure zakurra zoriontsu ibiliko den ibai bazterreko itzalpeetan. Eskualde osoko zatiak batuta, 50 kilometrora ere iristen da, Ultzama eta Elortz ibaietako ibilbideak batzen zaizkiolako.
Iruñe erdi-erdian ere badira maskotak onartzen dituzten ostatu lekuak, esaterako Maisonnave Hotela, Udaletxeko Plazatik metro gutxira.

Eta aukera guztiak ezagutzeko, kontsultatu maskotak onartzen dituzten Iruñeko hotelak.

Ongi jan nahi baduzu, eta indarrak gorde nahi badituzu abentura gehiagotarako, hotel horretako jatetxean aukera ona duzu. Kalez kale ibiltzeko gogoa baduzu, berriz, pintxo zoragarriak dastatzeko aukera duzu San Nikolas eta Estafeta karriketan, edo zerbait lasai hartu, Gazteluko Plazako terraza ugarietako batean.

Naturatik hurbilagoko leku batean hartu nahi duzu ostatu, zure maskota, noski, zurekin duzula? Hotel el Toro aukera ona duzu. Establezimendu horretan, lau hankako apopiloek menu berezia izaten dute. Beraz, sorpresa emaiozu zure lagun bereizezinari, bere zakur dastamena gozaraziko duen esperientzia gastronomiko batera gonbidatuz.

Iruña

Tag-en hodeia: