Oharra: tarte bat itxita dago Eurovelo 1 bidean (bat dator Bidasoko Bide Berdearekin)

Montoia tuneleko luizi baten ondorioz, ENDARLATSA eta ZALAIN ZOKO arteko tartea itxita egonen da besterik jakinarazi arte.

EUROVELO 1 IBILBIDEA. ATLANTIKOKO KOSTALDEKO IBILBIDEA

Bazenekien Europa osoan bizikletaz ibiltzeko proiektu bat dagoela, eta 16 ibilbide eta 80.000 km dituela? Ba bai, ongi irakurri duzu.

EuroVelo 1 ibilbidea, Atlantikoko Kostaldeko ibilbidea (Atlantic Coast Route ) izenekoa, horietako bat da eta Nafarroatik pasatzen da. Proiektu hori bukatuta dagoenean, bere 11.000 kilometroek Norvegiako fiordoak Portugalekin lotuko ditu, eta Unescoren 14 leku, Europako 4 itsaso eta 6 herrialde zeharkatuko ditu.

EUROVELO 1 - NAFARROA

Atlantic Coast Route Nafarroako Pirinio Atlantikoan barrena sartzen da penintsulan. Endarlatsan hasten da, iparraldean, eta Donejakue bidearekin bat egiten du.

213 km dira, 5 etapatan banatuak, eta lehenengo biak egokitzeko, Bidasoako eta Plazaolako bide berdeen trazadurak batu dira, "Ederbidea" proiektuaren bidez.

Hona hemen:

  • 1. Etapa - 28Km

    Irun - Endarlatsa - Doneztebe

    Gipuzkoatik, EuroVelo 1 Bidasoko Bide Berdetik sartzen da Nafarroan, Endarlatsatik, zehazki. Beratik hurbil igarotzen da, Zalain-Zoko auzoan barna, gero Berrizaun dator eta, ondoren, Sunbilla. Handik 5 kilometrora, Doneztebe dugu. Jada erabilerarik ez duen trenbide-zati horrek paisaia ederrak zeharkatzen ditu, hala nola zelai berdeak baserriak nonahi, tunel bitxiak, herri tipikoak,... eta bunker ahazturen bat ere.

    Doneztebetik 6 kilometrora baino ez, Bertizko Jaurerriko Parke Naturala bisita daiteke. 2.000 hektareatik gorako altxor naturala da. Bidexka-sare zabala du, eta Naturaren Interpretazio Zentroa eta Lorategi Historiko-Artistikoa ere, estilo erromantikokoa eta mundu osoko espezie botanikoak dituena.
    Ibilbide erraza da, atsegina, ia-ia laua.

    Bertizko Parke Naturalari eta bere inguruei buruzko informazio turistikoa
  • 2. Etapa - 53Km

    Doneztebe - Irurtzun

    Etapa honetan, Gorostietako mendateak bereizitako bi haran zeharkatzen ditu ibilbideak. Kantauriko eta Mediterraneoko isurialdeen banalerroa da mendatea.
     

    1. Malerreka

    Doneztebe herri dotorea topatuko dugu, hainbat mendi aldamenean dituela. Mendaur da nagusia. Tarterik aldapatsuenak Doneztebeko irteera (motza baina gogorra) eta Oiz herriaren eta Gorostietako gainaren arteko errepideko zatia dira.

    Bidean jarraitu aurretik, zer iruditzen bidean geldialdi bat egin eta Elgorriagako bainuetxean erlaxatzea?  Doneztebetik kilometro eta erdira baino ez dago, naturaz inguratuta. Utzi mima zaitzatela. Beste aukera bat Ituren eta Zubieta bisitatzea da. Uraren bideak lotzen ditu haien herri-inauteriengatik ospetsu-ospetsuak diren bi herri horiek.

    Doneztebetik bidera itzulita, herri hauetan barna igarotzen da: Donamaria eta Erdi Aroko bere dorrea, Oiz, Urrotz (Leurtzako urtegi idilikoetara joan daiteke handik),  Beintza-Labaien, Saldias eta Gorostietako gaina (atsedenlekua dago han).

    2. Basaburua

    ​​​​​​​
    Handik, Basaburua da hurrengo helmuga. Baserri handiak, lore-loretsuak, daude ibar horretako herri xarmagarrietan: Ola, Orokieta, Erbiti, Gartzaron  eta Jauntsarats, milurteko haritzengatik ezaguna. Jauntsaratseko atsedenlekuan geldituz gero, bainu-eremu bat duzu gozagarri. Hurrengoak Ihaben, Etxaleku, Eraso eta Latasa dira. Azken horretan, Plazaola trenaren antzinako geltoki bat dago. Zaharberritu ondoren, taberna-jatetxe bat jarri dute, baita bizikletak alokatzeko zerbitzua ere.

    Hemen, ibilbideak Plazaolako Bide Berdearen bideari jarraitzen dio, Irurtzuneraino.

    Ikusi ibilbidea Wikilok-en
  • 3. Etapa - 30 Km

    Irurtzun - Iruña

    Zatiak Plazaolako Bide Berdearekin bat egiten du. Irurtzungo atsedenlekuan hasten da, hau da, antzinako trenbidearen geltokia zegoen tokian.

    Ibilbidea Itzako udal-mugapetik igarotzen da. Guliako biaduktua nabarmentzen da han, 17 harrizko arkuz osatua. Ondoren, Saratsate zeharkatzen du. Eritzera iritsi baino lehentxeago, igoera labur baina gogor bat dago, % 13ko maldarekin. Tarte hori igarota, aise iritsiko gara Saratsa herriraino.

    ​​​​​​​Eta beste 9,6 kilometro egin ondoren, Iruña hiriburua iristea lortuko duzu, Oteitza Berriobeiti, Berriogoiti, Aitzoain, Berriozar eta Artika atzean utzita.

    Iruñeko turismo informazioa

EuroVelo 1 - Atlantikoko Kostaldeko ibilbidea eta Eurovelo 3 -Erromesen ibilbidea


Iruñetik, EuroVelo 1 ibilbideak EuroVelo 3 ibilbidearekin bat egiten du. Nafarroako Pirinioetatik dator, Orreaga mitikotik, eta horregatik deitzen zaio Erromesen Bidea, Donejakue bidearen paralelo baitoa.

  • 4. Etapa - 54Km

    Iruña - Lizarra

    Iruñetik, EuroVelo 1 ibilbideak EuroVelo 3 ibilbidearekin bat egiten du. Erromesen ibilbidea esaten zaio, Donejakue bidearen ondotik baitoa.

    Ibilbidea toki hauetatik igarotzen da: Zizur Nagusia, Arlegi, Subitza, Biurrun, Ukar, Eneritz, Eunate, Gares, Mañeru, Zirauki eta Lizarra.

    Dena den, tarte batzuetan baino ez du bat egiten Donejakue bidearekin, zirkulazio gutxiko bigarren mailako errepideak ere erabiltzen dituelako.

    Ez galdu Eunateko Andre Maria ermita, Gares, Erdi Arokoa, edo Lizarra hiri monumentala. Donejakue bideko hiru mugarri dira, eta zinez merezi du haietan gelditzea.

    Lizarrari eta inguruei buruzko informazio turistikoa
  • 5. Etapa - 45Km

    Lizarra - Logroño

    Ibilbideak Nafarroako azken kilometroak egiten ditu Errioxako lurretan sartu aurretik. Lizarratik atera eta berehala, Iratxeko monasterioa dago. Aurrerago, Villamayor de Monjardíngo harkaitz-gaztelua atzean utzi, eta ibilbidea Los Arcosera, Torres del Ríora eta, azkenik, Vianara iritsiko da. Azken hau muino baten gainean eraikia dago, zeruertzera begira, Araba eta Errioxari so.

    Donejakue bideko eremu honetako mugarri turistikoei buruzko informazioa

Nafarroako aniztasuna nabaritzen da etapetan zehar. Iparraldeko paisaia berde ikusgarriak, baserriz zipriztinduak, Iruñeko galtzada-harrizko kale hiritar petoak, azken tartean, Erdi Aroko airea duten herriez inguratutako paraje lau eta idorrak...

Sar zaitez EuroVelo 1 bideko ibilbide digitalizatuan

Batu gure ibilbideetarako aplikazioetara

Antolatu zure bizikleta-egonaldia