
Basamortua Errege Bardean eta barazkien oasia Tuteran
Nafarroako natura-ingurune ezinezkoenetako bat ezagutu nahi? Bardea da toki hori. Parke Natural eta Biosferaren Erreserba ezagun-ezaguna, magnetismo handiko paisaia dela-eta. Formazio higatuen ingurune idor bat —ezagunena Castildetierrako muinoa da, filmetan, iragarkietan eta bideoklipetan atera delako—, hutsaren eta handitasunaren sentsazioa izanik zure bidaide.
Paraje hau ezagutzeko aukerak askotarikoak dira: zeure kabuz ibiltzen ahal zara autoz, edo ibilbideak egiten ahal dituzu oinez edo BTTan. Gainera, tokiko enpresekin kontratatzen ahal duzu ibilbidea zaldi gainean, segway-ekin edo 4x4 autoetan egiteko zerbitzua.
-
Tutera, Erriberako hiriburu
Errege Bardeatik ez oso urrun, Tutera dago, Nafarroako bigarren herri garrantzitsuena eta, Espainia osoan, jatorri islamiarreko hiri garrantzitsuenetako bat. Erdi Aroko kaleetan barna paseoan ibili eta elementu zoragarriak aurkitzen ahal dituzu: Andre Mariaren katedrala, Foruen plaza ederra terraza eta guzti, komentuak eta jauregiak, hala nola San Adriango markesarena edo Uharteko markesarena.
Jatetxeetan ere eskaintza paregabea aurkituko duzu. Gure gomendioa: ez utzi alde batera barazkien erregina, eta Tuterako baratzeak bihotza ez ezik, sabela ere konkistatuko dizu.
Tuterari buruzko informazio gehiago -
Fiteroko monasterioa eta herria
Guztiz gomendagarria den beste bisita bat. Espainian parerik ez duen harribitxi zistertarra, Monumentu Nazional izendatu zutena eta Fiteroko herrigunean ezin hobeki txertatuta dagoena. Ez galdu abade-etxea, XIII. mendeko kapitulu-gela eta klaustro errenazentista.
Eta herrian zaudela, bide batez, antzeztutako bisitaldi gidatua egiten ahal duzu gauez edo antzinako Fiteroko bainu-etxeko ur termaletan murgiltzen ahal zara. Eta jarduera-gogoz baldin bazaude, bi ibilbide atsegin egiten ahal dituzu: Talaiako Gurutzearena edo Las Roscas zirkuitua, 8na kilometro ingurukoak.
Zer eskaintzen dit Fiterok? -
Eta Sendaviva parke tematikoa
Eta, bukatzeko, haurrekin datozenentzako super-gomendio bat: Sendaviva natur parkea. Parke desberdina da; animalia exotikoak eta baserrikoak ditu, atrakzio zirraragarriak baina baita lasaiak ere, eta hainbat ikuskizun, hala nola zirkua edo hegazti harrapariena. Familia osoa liluratuta geratuko zarete! Eta aterpetxea ere badu, gaua bertan igaro nahi izanez gero.
Sendaviva eta Nafarroako abentura-parkeei buruzko informazio gehiago

Ibai-ibilbideak Erriberagoienean
Kontraste handiko lurraldea da Nafarroako Erribera. Kilometro gutxi batzutan hala Errege Bardeako paisaia erdibasamortukoa nola gure hiru ibai handietako ibaiertzak eta ibar-basoak ezagutuko dituzu: Ebro, Aragoi eta Arga.
Aragoi, Milagron bat egiten duena Ebrorekin, Arga, ibarbaso eta sakan ikusgarriak dituena, eta Ebro, bista ikusgarriak dituena Tetonesko ibar-basotik edo Tuterako Santa Barbarako muinotik.
Ibilaldi erosoak daude han, ongi seinaleztatuak, aukera paregabea ingurunea, landaretza eta ibai-inguruneei lotutako fauna anitza interpretatzeko.
¡Zenbat plan!
Eta, esandakoa, ez ezazu lurralde honetatik alde egin barazki menestra dastatu gabe, orburu bigunak edo kardua, borraja, zainzuri eta piperrak... Zaporea eta maitasuna duten barazkiak nahi badituzu, dasta itzazu hemen!
Eta orain, kontsulta itzazu Nafarroako Erriberak eskaintzen dizkizun plan guztiak:
-
Buggy bidezko bisita Errege Bardean zehar
Eguneratu gabe
01 ene - 31 dic
Buggy bidezko bisita Errege Bardean zehar
-
Bisita gidatua Azagrako Manzanos upategira
01 ene - 31 dic
Bisita gidatua Azagrako Manzanos upategira
-
Ibilbide gidatua: Bardea e-bikez
11 feb - 01 dic
Ibilbide gidatua: Bardea e-bikez