Baliabideen orrietako beraietako zein atari espezializatuetako informazioa aztertu ondoren, 40 bat leku turistiko garrantzitsu proposatzen dizkizugu.
Aldaketak edo interpretazioak izan daitezkeenez informazioan, arduradunekin harremanetan jartzea komeni da, zalantzak argitzeko eta irisgarritasun-baldintzak aldatu ez direla egiaztatzeko.
Irisgarritasun fisikoa Iruñean
Hiriko auzoak, hirigunea eta alde historikoa nahiko irisgarriak dira mugikortasun urria duten pertsonentzat. Espaloi zabalak, zoladura erregular eta lauak, plataforma bakarrak eta pasabide beheratuak, ohiko elementuak dira hiriko erdialdean.
Aparkaleku-plaza batzuk daude erreserbatuta mugikortasun urria duten pertsonentzat (beharrezkoa da txartel berezi bat izatea), eta 600 plaza baino gehiago lur azpiko eta lur gaineko aparkalekuetan. Kontsultatu plazak mapatik. Gainera, hiri-autobusen sarea ere irisgarria da mugikortasun urria duten pertsonentzat.
Bisita hasi aurretik, turismo-bulegora joatea gomendatzen dizugu, hirian dauden leku eta jarduera irisgarrien berri izateko; bulegoa bera ere irisgarria da mugikortasun urria duten pertsonentzat, eta udaletxearen ondoan dago, Donejekue bidean bertan. Adibidez, Andre Maria katedralera iristeko, hiriko harresien ondoan, hobe da Dormitalería kaletik joatea, Curia edo Navarrería kaleek duten malda luzea saihesteko.
Horrez gain, NaviLens markatzaileak aurkituko dituzu, zeinek Donejakue bideko hainbat tokitan irisgarritasunari buruzko informazioa ematen baitute. Horietako batzuetan, ordezko bideak adierazten dira gurpil-aulkiak erabiltzen dituzten pertsonentzat tartea irisgarria ez denean. Adibidez, Iruñeko Alde Zaharrera Descalzos kaleko igogailutik joateko modua adierazten du, Frantziako portaletik joan beharrean.
.jpg)
.jpg)

Irisgarritasun fisikoa Nafarroan bisitatzeko lekuetan
-
Tutera
Turismo-bulegoa irisgarria da mugikortasun urrikoentzat. Haiek erabiltzeko komunak ditu, eta mahai egokia du halako desgaitasuna dutenak behar bezala artatzeko. Arreta-taldeak desgaitasuna duten pertsonak artatzeko prestakuntza jaso du.
Tuterari buruzko informazio orokorra
Tuterako jauregi batzuk gurpil-aulkian bisitatu daitezke, zati batean bada ere. Hauek dira: Huarte Markesaren jauregi barrokoa, Dekanoaren Jauregia-Tuterako Museoa (katedralean dago) eta San Adrián Markesaren jauregia (UNEDen eraikina da egun). Almiranteren Etxea edo kultura-etxea ia % 100 irisgarria da. -
Lizarra
Turismo-bulegoa irisgarria da mugikortasun urria duten pertsonentzat. Han, inguruko leku eta jarduera irisgarriei buruz galde dezakezu. Taldeak desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko prestakuntza jaso du.
Lizarrari buruzko informazio orokorra -
Gares
Garesen, turismo-bulegoa mugikortasun urria duten pertsonentzat irisgarria da. Han, inguruko leku eta jarduera irisgarriei buruz galde dezakezu. Taldeak desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko prestakuntza jaso du.
-
Erriberri
Erdi Aroko herri honen altxorra Errege Jauregia da. Nafarroan gehien bisitatzen den monumentu gotikoa da, eta beheko solairua eta lehen solairuko zati bat dira irisgarriak mugikortasun urria duten pertsonentzat. Igogailu irisgarri bat dago bi solairuak lotzeko, eta eraikinak komun egokituak ditu. Gidari-taldeak desgaitasuna duten pertsonekin tratatzeko eta haiekin aritzeko prestakuntza jaso du.
Erriberriri buruzko informazio orokorra
Turismo-bulegoak sarbide eroso eta segurua ematen du mugikortasun urria duten pertsonentzat. -
Zangoza
Karmengo Auditorioak eremu erreserbatu bat du mugikortasun urria duten pertsonentzat. Leku horiek eskuratzeko, Kultura Zerbitzuarekin jarri behar da harremanetan: infocultura@sanguesa.es-en edo 948 87 02 51 telefonoan.
-
Otsagabia
Natura Ezagutzeko Zentroak, komun irisgarriak ditu beheko solairuan. Hiru solairuak igogailu irisgarri baten bidez komunikatzen dira. Espaloitik sartzeko, ordea, ia % 20ko maldak dituzten arrapalak daude, eta gurpil-aulkia erabiltzen dutenek beste pertsona baten laguntza behar dute. Zentroaren bigarren solairuan, Iratiko oihanari buruzko ikus-entzunezko eder bat proiektatzen da. Beheko solairuan, turismo-bulegoa dago, eta bertan informazioa lor dezakezu inguruan dauden toki eta jarduera irisgarriei buruz.
Erdian, harrera-lekuko mahaiak altuera bikoitza du, eta irisgarria da gurpil-aulkian mugitzen direnentzat. Emango dizuten informazioaren artean Iratiko Etxeetara joateko bidezidorra, Irabiako urtegira doana, udan nahiko irisgarria dela da esanguratsuena zuretzat (zoladura zagorraz egina baitago).

Sarbide fisikoa duten haranak, parkeak eta natur inguruneak Nafarroan
-
Bertizko Jaurerria
Bertizko Jaurerriko Parke Naturalak mugikortasun urria duten pertsonentzat erreserbatu eta seinaleztatutako 4 aparkaleku-plaza ditu. Turismo-bulegoa parkeko aparkalekuaren dago, eta komunak ere, egokitutako kabinak dituztenak. Laguntza behar da bi zerbitzuak erabiltzeko, ateek pisua handia dutelako eta komunetara jaisten den arrapalak inklinazio handia duelako.
Bertizko Jaurerriko Interpretazio Zentroak kendu egin ditu oztopo arkitektonikoak, eta egokitu egin da desgaitasun fisikoa duten pertsonek erakusketa interaktiboan parte har dezaten.
300 metroko bidexka irisgarri bati esker, lorategi botanikoa zeharkatu eta parkeko oihan-sistemak eskala txikian ikusi ahal dira. Zer eguraldi egiten duen, zorua irregularra izan daiteke, eta agian lagundu egin beharko zaie gurpil-aulkia erabiltzen dutenei. Eta beste bi bidexkak erraztasunak dituzte desgaitasun fisikoa duten pertsonentzat. Aizkolegiko bidexkaren hasiera da bata, 2 kilometrokoa, parkeko baso-pista nagusian barna, eta Erreparatzekoa, 1,5 kilometrokoa, Bidasoa ibaiaren ertzetik igarotzen dena.
Bertizko Jaurerriari buruzko informazio orokorra -
Urbasa-Andia Parke Naturala
Urbasa-Andia Parke Naturalak bidexka egokitu bat du mugikortasun urria duten pertsonentzat: Morterutxoko bidezidorra. Ibilbidea zirkularra eta 800 metro luze da. Aparkalekuak plaza erreserbatuak ditu, baina askaldegiak ez du mahai irisgarririk, ez eta eserlekurik ere. Bidezidorraren zati batzuetan, % 8tik gora malda dago.
Oraingoz, kanpinean aurki dezakezu komun irisgarri bakarra inguruan. Gurpil-aulkietarako bide irisgarriak sortu dira kanpinean; izan ere, arrapalak jarri dira aterpetxera, taberna-jatetxera eta harrera-lekura sartzeko. Komunak eta aldagelak irisgarriak dira, eta bulgalow bat (6 leku) erabat irisgarria da gurpil-aulkietarako. -
Malerreka
Leurtzako urtegietan badago irisgarritasun fisikoko neurriak dituen bidexka bat; laburra da, 2 kilometrokoa, zailtasun txikikoa, eta beheko urtegia inguratzen du. Aparkalekuak plaza erreserbatuak ditu mugikortasun urria duten pertsonentzat. Bidexka gurpil-aulkian ere egin daiteke, eta zokalo bat du ibilbide osoan. Eserlekuak eta atsedenlekuak ditu, eta ongi seinaleztatuta dago. Ibilbidearen erdian eta bukaeran, % 8tik gorako maldak daude. Zati batzuek zoladuran trinkotze eskasa dute, eta eguraldiaren baldintzek okerragotu egin dezakete egoera.
-
Irunberriko eta Arbaiungo arroilak
Iratiren Bide Berdea, Irunberriko arroilan, irisgarria da gurpil-aulkietarako, baina zati batzuetan zoladura irregularra de eta deserosoa izan daiteke.
Arroilei buruzko informazio orokorra
Arroilak Ezagutzeko Zentroak, Irunberrin, Nafarroako habitat berezi horiei buruzko informazioa ematen du; ikus-entzunezko interesgarria du, eta irisgarria da lau solairuetan. Igogailua txikia da, baina mugikortasun urria dutenek erabil egin dezakete. Komun egokitua txiki samarra da; kabinaren barruan, 1,2 metroko diametroko bira egin daiteke. -
Errege Bardeako Parke Naturala
Nafarroako Erriberan dagoen basamortu harrigarri honek Bisitariei Informazioa eta Harrera Egiteko Zentro bat du, mugikortasun urria duten pertsonentzat egokitua. 34 kilometroko ibilbide bat du paisaia bitxi honetako lekurik ikusgarrienetan barrena. Activa Experience enpresak eskaintzen dituen boogy egokituetan, zinez dibertigarri eta seguruak, egin daiteke paseoa.
Errege Bardeari buruzko informazio orokorra -
Belagua
Ibar honetan, ezinbestekoa da Belaguako zokoa edo Mata de Hayako basoa bisitatzea; Zentzumenen Bidexka dago han, 700 metro luze, ia 1.000 metrotan dagoen pagadi batean. Hala atsedenlekuak nola aparkalekuak baldintza onak dituzte gurpil-aulkian mugitzen direnentzat, baina ez dira guztiz irisgarriak. Bidexkak entzumenaren eta usaimenaren bidez esperientzia sentsoriala izatera bultzatzen du. Basoak badu ibilbide bat, 1,7 kilometro ingurukoa, mugikortasun urria dutenentzat, eta seinaleztatuta dago.
-
Erronkaribar
Erronkaribarrean, ibilbide zati batean irisgarri bat dago, Burgin. Basariko eta Burgiko arroilako bidexkaren hasiera da, eta Eska ibaiaren ezker ertzetik doa. Mugikortasun urria duten pertsonentzat egokitutako ibilbide hori Erdi Aroko zubian hasten da, Lanbideen Pasealekuan barna jarraitzen du eta elurtegiraino iristen da. Elementu etnografikoen birsorkuntzak informazio-panelak ditu, eta han dagoen almadia, ikusgarria, tamaina errealean, nabarmentzekoa da. Zoladura asfaltatuta eta ongi trinkotuta dago, zolatu gabeko tarteren batean izan ezik. Bidea 150 cm-tik gora zabal da, eta zirkuluak egin daitezke oztoporik topatu gabe. Kontuan hartu behar da tarteren batek % 8tik gorako malda duela.
-
Ultzama
Ultzama ibarrean, Iruñetik 25 kilometrora, Orgiko basoa dago. Egun urtetik gorako harizti honek eta hango zerbitzuek irisgarritasun fisikoko hainbat baliabide dituzte.
Aparkalekuan bi plaza daude erreserbatuta. Askaldegian dauden mahaien artean badago bat aulkiaz aurrez hurbiltzeko aukera ematen duena. Komuneko kabina egokitu bat dago, transferentzia-espazio bikoitzarekin, baina lurzoru irregularreko tarte bat dago sartzeko. Hariztia zeharkatzen duen bidexka mugikortasun urria dutenek egiteko moduan dago, egurrezko pasabideak eta alboko babesak baititu, nahiz eta tarte batzuetan lurzoruaren trinkotzea ez den egoki-egokia. Eta, azkenik, begiratoki bat eta hegaztien behatoki bat daude, eserlekuak eta gurpil-aulkietarako lekua dituena. -
Mendukiloko kobazuloa
Mendukiloko kobazuloa oinez bisitatzen da. Astitzen dago, Aralar mendian bartan. Pasabide flotagarri baten bidez, 40 metroko sakoneraraino iristen da, eskailera ugari-ugari erabilita; 540 metroko ibilbidea da guztira. Mugikortasun urria duten pertsonek ere egin dezakete bisita. Esperientzia hori ahalbidetzeko, Mendukiloko taldeak bisita birtual bat prestatu du 360º-ko bideo eta argazkien bidez (errealitate birtualeko betaurrekoak jantzi behar dira horretarako).
-
Sendaviva Naturaren Parkea, Arguedasen
Animaliak, atrakzioak eta ikuskizunak batzen ditu parkeak, eta beharrezko elementu asko ditu mugikortasun urria duten pertsonentzat. Adibidez, plaza batzuk erreserbatu dira sarreratik hurbilen dagoen aparkalekuan, eta garraioa irisgarria da parke osoan; horrez gain, mostradore eta komun irisgarriak daude esparruko toki guztietan. Eremu horietako batzuetan komunak unisex dira.
Jatetxeak, ikuskizunak eta atrakzio batzuk guztiz irisgarriak dira mugitzeko zailtasunak dituztenentzat. Parkeko laguntza-taldeak desgaitasuna duten pertsonekiko tratuan eta elkarreraginean prestakuntza jaso du. Sendavivako irisgarritasunari buruzko informazio gehiago, webgunean. -
Zugarramurdiko leizea and Ikaburukoak (Urdazubi/Urdax)
Joëlette aulkian egin daiteke bidea bi leizeetan, Montse Solidarios elkartearen lankidetzari esker. Hori bai, aldez aurretik erreserbatu behar da. Zugarramurdin, gainera, gurpil-aulkian ere bisitatu daiteke leizearen zati bat; sarbide berezi bat ireki behar da horretarako, eta aldez aurretik eskatu behar da.

Irisgarritasun fisikoa Nafarroako bide berdeetan
Bide berdeak antzinako trenbideak dira. Burdinbideak eta trabesak kendu, zoladura asfaltatu edo trinkotu, eta oinez edo bizikletaz ibiltzeko bide erosoak bilakatu dira. Horregatik, eta malda txikia dutenez, potentzial handiko ibilbideak dira irisgarritasun fisikoari dagokionez.
Nafarroan 5 bide berde daude:
- Bi iparraldean edo Mendialdean: Plazaola eta Bidasoa
- Bi Erdialdean: Irati eta FC Vasco Navarro
- Bat Erriberan: Tarazonica
Ondoren, trazaduren irisgarritasun fisikoari buruzko xehetasun garrantzitsu batzuk laburtuko ditugu. Beti bezala, bisita baino lehen egiaztatzea gomendatzen dugu.
-
Natur Bidea - Plazaolaren Bide Berdea
Bidea Saratsan hasi, Lekunberritik igaro (Nafarroa) eta Andoainen (Gipuzkoa) amaitzen da. 66 kilometro luze da. Zoru-mota aldatu egiten da tarte batzuetatik besteetara. Eritzetik Aizkorbera eta Mugirotik Uitzira dauden malda batzuk direla eta, beharrezkoa da gurpil-aulkia erabiltzen duten pertsonei laguntzea. Nafarroako mugaren eta Andoainen artean, gurpil-aulkian ibiltzeko zailtasunak izan ditzakeen 17 kilometroko tarte bat dago, zuloak eta lokatza egon daitezkeelako euria eginez gero. Zuhaitz hostotsuak daude bi ertzeetan, eta tunel batzuk zeharkatzen ditu; babes ezin hobea, beraz, egun beroetan. Horregatik, aproposa da urte osoan ibiltzeko.
-
Bidasoaren Bide Berdea
Oieregi eta Endarlatsa artean dago, beraz bide osoa Nafarroan, eta Bidasoa ibaia bidaide du 35 kilometroetan. Zoru-mota bat baino gehiago aurkituko duzu: hormigoia, asfaltoa edo lur trinkotua Ez da erabat egokia gurpil-aulkiaz laguntzarik gabe joateko. Zirkulazioa egon daiteke tarte batzuetan, gainera, baserrietara joateko. Zenbait zulo daude Sunbilla eta Lesaka arteko tartean. Eta Legasa eta Bertizko Jaurerriaren artean, desnibelak.
Komun egokitu hurbilena Bertizko Jaurerrian dago, Turismo Informaziorako Bulegoaren eraikinean. -
Iratiren Bide Berdea
Bide ikusgarri honek Ledea eta Irunberri herriak lotzen ditu, 6,4 kilometro baino ez batetik bestera. Irunberriko arroilaren barnean doa, hots, Nafarroako paraje ikusgarrienetako baten barnean, eta ibaiaren ibilgutik 100 metro baino gehiago altxatzen diren horma bertikalak dituela ertzean. Zorua lur trinkotuzkoa da, eta hartxintxarrak daude tarte batzuetan[g1] . Nahiz eta malda handirik ez izan, litekeena da gurpil-aulkian doazenek beste pertsona baten laguntza behar izatea tarte horietan ibiltzeko,
[g1]Errata en el original (graba>grava).
-
Natur Bidea - Vasco-Navarro Trenaren Bide Berdea
Bide berde osoak Lizarra (Nafarroa), Gasteiz (Araba) eta Bergara (Gipuzkoa) lotzen ditu, 123,5 kilometro guztira. Nafarroako zatia da errazena, eta 27 kilometro egiten ditu. Lizarrako autobus-geltokian (antzinako tren-geltokia) hasten da, eta Ega ibaiaren ertzeko udalerrietan barna igarotzen da. Nafarroako azken herria Zuñiga da. Zorua lur trinkotuzkoa da tarte gehienetan, eta Lizarra eta Zubielki artekoa asfaltokoa da. Malda bakar batzuk daude Zubielki eta Murieta artean.
-
Natur Bidea - Tarazonicaren Bide Berdea
Tutera eta Tarazona (Zaragoza) lotzen ditu bideak. 22 kilometro luze da, eta horietatik 13 Nafarroan daude. Zorua mistoa da, zati batzuk asfaltozkoak eta beste batzuk zagor trinkotuzkoak baitira. Dauden maldak ez dira arazo, Ablitasko errepidearen gaineko pasabidea izan ezik, Tuteratik 4 kilometro ingurura.
Irisgarritasun fisikoa duten museoak eta kultura-guneak Nafarroan
-
Gustavo de Maeztu Museoa
Lizarrako pinakoteka honen helburuetako bat da gizartearen kohesioa sustatzea kulturaren bidez. Horretarako, bisita gidatuak eta talde bakoitzaren beharretara egokitutako jarduerak antolatzen dituzte. Horrela, museoa espazio ireki bihurtu nahi da, pertsonak barne hartuko dituena, haien gaitasunak estimulatzeko eta nork bere burua hobeto ezagutzen laguntzeko. Duela gutxi, igogailu zabal batek museoaren 3 solairuak lotu ditu, kanpotik, eraikinaren patiotik.
-
Karlismoaren Museoa
Lizarrako museo historiko honek igogailuak, arrapala mugikorrak eta komun egokituak ditu mugikortasun urria duten pertsonentzat.
-
Muñoz Sola Arte Modernoko Museoa
Tuterako pintura-museo honek mugikortasun urria duten pertsonentzat egokitu du sarrera nagusia. Eraikinak 4 solairu ditu, eta igogailu batek egin ditu irisgarri. Bere webguneak dio zerbitzu eta instalazio guztiak irisgarriak direla pertsona guztientzat. Komunak ere barne, noski.
-
Tuterako Museoa
Tuterako Museoaren webguneak bisita birtual bat egiten du esteka honetan. Bira egin dezakezu eraikinaren barrena. Museoak adierazitakoaren arabera, museo osoa da irisgarria mugikortasun urrikoentzat, upategiak izan ezik. Komun irisgarriak daude eraikinean, eta, eraikitik 100 metrora, mugikortasun urrikoentzat erreserbatutako aparkaleku-plazak.
-
Jorge Oteiza Museoa
Altzuzan, Iruñetik oso gertu, dagoen museo honek mugikortasun urria duten pertsonentzako aparkaleku-plaza bat du parkingean. Sarreran desnibel txiki bat dago, eta gurpil-aulkiak albotik hurbil daitezke harrera-mahaira
Eraikinak igogailua, eskailera-igogailua eta arrapalaren bat ditu (% 10eko maldarekin, gutxi gorabehera). Erakusketa-aretoak zabalak dira, eta arazorik gabe egin daitezke biraketak, oztoporik topatu gabe. Bi komun irisgarri daude, eta ate gidaridunak, transferentzia-barrak eta oztoporik gabeko 150 cm-ko espazioa dituzte. -
Nafarroako Unibertsitatea Museoa
Iruñean dago, eta bai aldameneko parkingean, bai museoko auditorioan, mugikortasun urria izanik gurpil-aulkiak erabiltzen dituzten pertsonentzako plazak eta espazioak daude . Igogailuak zabalak dira. Komunek kabina egokituak dituzte, banakakoak. Eta, webgunean esaten dutenez, behar duenari gurpil-aulkia mailegatzeko zerbitzua eskaintzen diote.
Museoaren webgunean, aretoak miatu eta ikusgai dauden erakusketetako batzuk bisitatu ditzakezu. Bisita birtual horietako askotan, espazio guztiak ikus ditzakezu, baita eraikinaren sarreratik ere.Bisitak eta jarduerak programatu ohi dituzte desgaitasuna dutenentzat. Kontsultatu webgunea informazio gehiagorako.
-
Iruñeko Planetarioa
Arrapala baten bidez sartzen da Planetariora. % 8tik beherako malda du arrapalak. Barruan, igogailu bat dago solairu guztiak komunikatzeko, eta desnibelak gainditzeko arrapalak ere badaude. Erakusketa-aretoak nahiko zabalak dira, baina batek malda txiki bat du. Komun egokitua -1 solairuan dago. Barrualdean biratzeko espazioa metro batekoa da. Komunak barra eraisgarria du ezkerraldean, eta finkoa, eskuinaldean.
-
Ultreia - Erromesen Harrera eta Donejakue Bidearen Interpretazio Zentro irisgarria
Iruñeko Kale Nagusian kokatuta dago, eta irisgarritasun unibertsaleko irizpideekin diseinatu zen; beraz, irisgarritasun fisikoa hainbat neurriren bidez bermatu da. Sarbidea laua da kaletik. Barnealdeak biraketa nahikoak egiteko aukera ematen du, eta desnibelak araudiaren araberako arrapalen bidez gainditzen dira. Sarrerako informazio-mahaiak baxu du gaina, eta aurrez hurbildu daitezke gurpil-aulkiak. Komun irisgarria du.
-
Zugarramurdiko Sorginen Museoa
Igogailua du, ez oso zabala, hiru solairuetara joateko. Gainera, liburuxka bat du erakusketako testuekin, gurpil-aulkiak erabiltzen dituztenek testuak irakurri ahal ditzaten, zentroan mugitzeko arazoak badituzte. Ikus-entzunezko interesgarri bat dago beheko solairuan. Komun egokitu bat ere badago.
-
Peru-Harri Museoa
Leitzan dago museo-parke hau, eta perurenatarrena da. Omenaldia egin nahi die herri-kirolei Bisita Gorrittenea baserriko beheko solairuan hasten da. Erakusketa-areto bat dago han, non ikus-entzunezkoak proiektatzen baitira. Komuna solairu horretan bertan dago, eta ez da oso irisgarria; izan ere, atea barrurantz irekitzen da, ezin da aurrez hurbildu konketara eta komunontziak barra bakarra du.
-
“Las Eretas" Arkeologia Museoa eta Aztarnategia, Berbintzanan
Aspalditik ari dira lanean museo honetan ingurunea pertsona guztientzat irisgarria izan dadin. Museo osoa beheko solairuan dago. Komun egokituak transferentzia-barra bakarra du, hormaren aldean. Aztarnategi arkeologikoaren irisgarritasun fisikoa lortzeko, hartxintxarrezko bideen ordez egurrezko pasabideak jarri dira.
-
Las Musas Erromatar Villa
Arellanoko antzinako villa honetarako sarbidea irisgarria da; lehen, hartxintxar trinkotuzko zorua du, eta gero, hormigoi erretikulatuzkoa. Barrualdean, hegal-plataforma bat jarri dute, eta, hari esker, ibilbide perimetral osoa egin daiteke, aztarnategira jaitsi beharrik gabe. Sarezko zorua du plataformak, laua, desnibelik gabea eta biraketa-eremu nahikoak dituena. Bertan, eserleku batzuk daude atseden hartzeko. Komunak aparkaleku-eremuan daude, eta 2 kabina egokitu dituzte (biraketa-tartea 117 cm-koa da)
-
Baratzearen Interpretazio Zentroa
Baratzearen Interpretazio Zentroaren lau solairuak irisgarriak dira mugikortasun urrikoentzat. Eskailera-igogailu bat dago azken solairura igotzeko, baina igogailu irisgarri bat dago gainerako solairuetatik mugitzeko. Behe-solairuan eta lehen solairuan, bestetik, komun irisgarriak daude. Eta, eraikinaren parean, mugikortasun urrikoentzat erreserbatutako aparkaleku-plaza bat dago.
-
Iruñeko Katedralaren Museoa
Iruñeko Katedralaren Museoa (Occidens erakusketa dago han) irisgarria da gurpil-aulkietarako, Kanpai-jotzailearen etxea izan ezik.
-
Boilur Museoa
Zizeronek esan bezala, "Boilurrak jainko-jainkosen fruitu dira, eta naturaren mirari". Hori dela eta, gastronomiaren harribitxi hori ezagutu behar duzu. Metautengo Boilur Museoa erabat irisgarria da gurpil-aulkietarako (arrapala bat dago sartzeko) eta mugikortasun urrikoentzat egokitutako komuna du. Eskatuz gero, gurpil-aulkietan ibiltzen direnentzat egokitzen dituzte bisitak eta jarduerak.

Irisgarritasun fisikoa duten jauregi, gaztelu eta monasterioak Nafarroan
-
Xabierko gaztelua
Gaztelu honek, Nafarroako patroia den San Frantzisko Xabierkoaren sorlekuak, esperientzia irisgarria eskaintzen du mugikortasun urria duten pertsonentzat, ondoko elementuei esker. Lauza gaineko arrapala batetik sartzen da. Barruan, arrapalak daude desnibelak gainditzeko, baina ez dira dorreraino iristen. Komunak barra bat du transferentziaren aldean. Inguruan, hoteleko lorategien eta jatetxeen aldean, beste komun publiko irisgarri bat dago.
Xabierko gazteluari buruzko informazio gehiago -
Erriberriko errege-erreginen jauregia
Jauregi gotiko eder honek harrera aldatu berri du, eta komun irisgarriak eta igogailua ere jarri ditu, mugikortasun urria duten pertsonek lehen solairua bisita dezaten. Hantxe baitaude, zehazki, Karlos III.aren gorteko gelak eta lorategi eseki eder bat, Leonor erreginak bere senarrari eskatua.
Irisgarri ez diren espazioez gozatzeko, 360º-ko bisita birtual bat egin daiteke; hona hemen estekak:
-
Irantzuko monasterioa
Oinezkoentzako kale lau batetik sartzen da. Sartu aurretik, arrapala bat dago, % 7ko inklinazioarekin eta zoladura irregularrarekin. Barnealdeko ibilbidea beheko solairuan egiten da, desnibelik gabe, baina maila solte batzuk daude sarreran eta sukalde eta elizarako sarbideetan. Komun egokituak daude, bai monasterioaren kanpoaldean, bai barrualdean. Monasteriokoak beheko solairuan daude, eta biraketa-espazio librea (1,40 m) eta transferentzia-barrak dituzte. Erne argiarekin, tenporizadore batek piztu eta itzaltzen baitu.
Informazio gehiago eta argazki batzuk eskura ditzakezu irisgarritasun-dokumentu honetan. -
Fiteroko monasterioa
Aparkatzeko plaza bat dago mugikortasun urria duten pertsonentzat erreserbatua, Cortijo kalean. Handik, kale horretatik bertatik sar daiteke errazen, lauzazko bidexka uniforme batetik. Monasterioko ibilbidea beheko solairuan barna doa, eta 7 cm-ko eskailera-maila txiki bat dago klaustrora sartzeko. Klaustrorako eta kapitulu-gelarako sarrerak irisgarriak dira.
-
Aralarko San Migel santutegia
Santutegiko parkingak 4 plaza egokitu ditu, aparkalekurako oinezkoen sarbidetik oso gertu. Santutegiraino doan bidezidorra, 150 metrokoa, irregularra da, eta ez du zoladura trinkoturik; beraz, haren egoera egiaztatzea gomendatzen da. Barnealdea irisgarria da, tarimazko arrapala batetik. Arrapalak mailak eta desnibelak gainditzen ditu, baina ez da sakristiaraino iristen. Elizak ez du komun irisgarririk, baina bai jatetxeak (eliza eta jatetxea multzo berekoak dira) Komunak transferentzia-barrak ditu.


Irisgarritasun fisikoa duten ostatuak Nafarroan
Plataforma turistiko nagusietan mugikortasun urria duten pertsonentzat irisgarri gisa eskaintzen diren Nafarroako hotel, landetxe edo apartamentuetarako esteken zerrenda bat jartzen dizugu eskura.
Hainbat iragazki aplikatzen dituzte kasu bakoitzean; horregatik, urrats hauek egitea gomendatzen dizugu:
1. Hautatu erreserbak egiteko erabili ohi duzun plataforma
2. Bilatu bilatzailean nahi dituzun irisgarritasun-iragazkiak
3. Hautatu Nafarroan egingo duzun egonaldiaren data
4. Aukeratu egokien iruditzen zaizun establezimendua
5. Eta, azkenik, erreserbatu aurretik, jar zaitez harremanetan ostatuarekin eta ziurtatu zure behar funtzional guztiak betetzen dituela, eta, horrela, egonaldi eroso, seguru eta autonomoa izango duzula.
Jarraian, erreserba-plataformetan ostatu irisgarriak nola bilatu azalduko dizugu:
Erreserbatu egonaldia
Google: Ostatu irisgarriak Nafarroan gurpil-aulkietarako
Booking: ostatuaren eta logelaren irisgarritasunari buruzko informazioa ematen du, hainbat irizpide bereizita kasu bakoitzean. Hona hemen iragazitako bilaketa interesgarrienak:
* Nafarroako ostatu guztiak + info
- Ostatu egokituak gurpil-aulkietarako
- Logela irisgarriak beheko solairuan
- Logela osoa irisgarri gurpil-aulkietarako
- WC-n bermatze-barrak dituzten logelak
- Dutxa gurpil-aulkietarako egokitua duten logelak
Airbnb: Nafarroako ostatu guztiak + info
- Aparkalekuak desgaitasuna duten pertsonentzat. Pasabidea eskailera-mailarik gabe ostatuko sarreraraino
- Sarrera ostaturaino eskailera-mailarik gabe
- Sarrera logelaraino eskailera-mailarik gabe Sarrera komuneraino eskailera-mailarik gabe Dutxa eskailera-mailarik gabe
- Helduleku finkoa dutxan
- Bermatze-barra finkoa komunontziaren ondoan
Equalitas Vitae: mugikortasun urria dutenentzako bidaietan espezializatutako atari bat da; ostatuen berri eman ez ezik, jatetxe, natura-espazio, kultura eta jardueren berri ere ematen du.
Tripadvisor: Nafarroako ostatu guztiak + info
Hoteles.com: Nafarroako ostatu guztiak + info
Trivago: Nafarroako ostatu guztiak + info
Kayak: Nafarroako ostatu guztiak + info
Atrápalo: Nafarroako ostatu guztiak + info
Omnirooms: mugikortasun urria dutenentzat egokitutako ostatuetan espezializatutako atari bat da. Data hautatuta, eta emaitzak lortuta, nahi dituzun irisgarritasun-iragazkiak aukera ditzakezu. Nafarroako ostatu guztiak + info

